Printzipioak
Bigarren edizio honetan, Kodea 8 printzipiotik 6 printzipiora berrantolatu da:
1. Turista eta bertakoa errespetatuko ditut. Haien ohiturak eta tradizioak. Haien aisialdia eta atsedenaldia.
Munduko toki bakoitzak bere tradizioak, bizimoduak, gizarte-praktikak, legeak eta ohitura kulturalak ditu. Gureak eta bisitatzen gaituzten pertsonenak ezagutzea eta errespetatzea da Euskadi helmuga baino askoz gehiago bihurtzeko modurik errazena.
Turistarekiko errespetua. Gure kulturak milaka kilometrora egon arren, gure sinesmenek hizkuntza ezberdinetan hitz egin arren, ez dago enpatia baino hizkuntza unibertsalagorik.
Tokiko turismo-eragile garen aldetik, konpromisoa hartzen dugu ez bakarrik bisitatzen gaituzten pertsonak errespetatzeko, baizik eta haien gustu eta beharrei buruzko informazioa jasotzeko, haien itxaropenak hobeto ulertu eta bete ahal izateko.
Eta hemen bizi garenon errespetua ere bai: gure egunerokoari eta gauari, gure lanari eta atsedenari, gure legeei, ohiturei eta tradizioei. Bisita egiteko moduak ez dezala gure bizitzeko modua aldatu.
2. Aniztasunean, berdintasuna defendatuko dut. Zarena zarela, zaren bezalakoa zarelako.
Gure itsaso urdinari ez zaio axola zure azalaren kolorea. Gure herrien iragan infinituak ez dio garrantzirik ematen zure adinari. Gure paisaien aniztasunari berdin dio zure genero-identitatea. Gure gastronomiari, sukaldeak tenplu bihurtu dituen horri, ez zaio axola zure erlijioa. Gure lurrari ez dio axola zein berezi diren zure gaitasunak, nor zaren edo nori sinesten diozun, nor maite duzun, nola entzuten, ikusten, sentitzen edo ibiltzen duzun… Guri ere ez. Bidaiatzeak burua irekitzen badu, Euskadi aurreiritziak ezabatzeko ate erraldoi irekia da. Zain gaituzue, besoak eta buruak zabalik.
3. Gure ingurunea, paisaiak eta natur baliabideak babestuko ditut.
Gure itsasoa zenbat eta zakarragoa izan. Gure berdea zenbat eta berdeagoa. Gure sustraiak zenbat eta sakonagoak. Gure mendiak zenbat eta altuagoak. Gure kostaldeak zenbat eta infinituagoak diruditen. Gure herriak eta tradizioak zenbat eta zaharragoak. Zenbat eta Euskadiago izan, orduan eta gehiago behar dugu izaten jarraitzea. Gure lurra baliotsua da, baina ahula ere bai. Ingurumena babestu behar dugu etorkizuneko belaunaldientzat.
Turismo-eragile garen aldetik, konpromisoa hartzen dugu baliabide naturalak aurrezteko, gure jardueraren aztarna ahalik eta gehien murrizteko eta bisitarien mugimenduak denboran zehar modu orekatuan banatzeko.
Lurralde honetako bisitari zaren heinean, eramazu aztarnarik uzten ez duten oroitzapenak. Hori izango da besteek etxerako bidea berriro aurkitu ahal izateko utzi daitekeen arrastorik onena.
4. Bertako produktuak eta kultura zaindu, kontsumitu eta gozatuko ditut.
Hemen gastronomiak pintxo eta izarren itxura du. Kirolak harri, egur eta txapa soinua du. Arteak burdina eta titanioa menderatzen jarraitzen du. Modernitateak oraindik hizkuntza zaharrenetako batean hitz egiten du. Moda, kultura, jaiak eta tradizioak… Tokikoa da gure ikur unibertsala. Mantentzea, garena gordetzea da, izaten jarrai dezagun.
Orain janaria edonon berdina denean, edonon gauza berdinak erosten ditugunean, erakusleiho berdinak ikusten ditugunean eta musika berdina entzuten dugunean, gogoratzeko unea da: ez gara edonon. Konsumitu gure tokiko merkataritzako produktu lokalak. Ez dago oroigarri hoberik gure kultura eta artisautza milenarioa baino. Eskerrik asko!
5. Unescok Gizadiaren Kultura Ondare izendatutako baliabide turistikoak zainduko ditut
Burdinezko erraldoiak, haitzulo zaharrak, aztarnategi arkeologikoak, santutegi prehistorikoak, baso sorginduak, ibilbide magikoak, kostaldeko geoparkeak, biosferaren erreserbak, eskultura ezinezkoak, eraikin bereziak… Euskadik UNESCOk Gizateriaren Kultur Ondare izendatutako baliabide turistikoak ditu.
Haiek mantentzea eta babestea ez da soilik betebehar bat, baizik eta bertan bizi garen postalak bizitzen jarraitzeko harrotasuna.
6. Turismo-sektorea eta bere profesionalak zainduko ditut.
Norbaitek behin esan zuen jendeak nola sentiarazten dituzun gogoan izango duela. Eta Euskadik hain oroitzapen ona gordetzen badu bisitarien karrete emozionalean, harremanak dituzten pertsonengatik da. Turismoko profesionalak dira, gida, ostalari, informazio-emale edo saltzaile izateaz gain, leku txiki handi honetako harrera onenaren adibide.
Haiek dira gure aktibo turistiko nagusia. Horregatik da gure betebeharra haien eskubideak babestea, etengabeko prestakuntza eta tresnak eskaintzea, enpresentzat baldintza eta erraztasun onenak sortzea, giza kapital egokia sustatzea, azpiegitura bikainak ematea, sektorearen jasangarritasun ekonomikoa bermatzea, eta haien bizibidea errespetatzea haien produktuak eta zerbitzuak prezio justuan ordainduz.
Ez dira argazkietan agertzen, baina haien atzean dauden istorio guztiak kontatzen dituzte.
